XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. kapitulua

Airearen galerak azkarregi jausierazi zuen Shangai Tom.

Makinaren kontrola galdurik, zuhaitzen artera oldartu eta ezin izan zuen adarretan buruz behera jotzea galerazi.

Adar batetik bestera joaz jaitsi zen, aurpegian hamaika atximurkada nabarituz.

Eta lurra ere muturrez joko zukeen azken batean, jauzigailuaren hodiak azkenetako adar batean trabatu ez balira.

Gelditu zenean, Shangaik ez zuen oso itxura txairoa erakusten, buruz behera zintzilik, lurretik hiru bat metrotara eta trabatua zuen adarrari ezin eutsirik.

Eta bere egoera larriagotzeko, une hartan inguruko enborren atzetik bizpahiru dozena gizon-emakumek azaldu eta inguratu egin zuten.

Itxura osoz, Dalgon III planetako biztanleekin kontaktua eginda zegoen, azkar asko eginda ere.

Baina, buruz behera ikusten bazituen ere, argi zegoen haiek ez zetozela lagun gisa.

Txikito, pentsatu zuen, ostikadak emanez askatu nahian, hauek nire larrua nahi diate.